XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garai batean, gaizkataren arrantza eta industria eratorria garrantzia izan zuen Iberiar penintsulan (Guadalquivir-en).

Baina presen eraikuntza, gehiegizko arrantza eta batez ere ibai eta itsasbazterretako kutsaduraren ondorioz, espezie hau desagertuz joan da.

Guadalquivir-en gora igotzen diren espezimenak oso gutxi dira, Ebro-n gora kopuru txikiago bat jotzen du eta bat ere ez Guadianan eta Miñon.

Gaur egun eta gaizkataren urritasuna dela medio, teknika bera erabiliaz, beste arrainen errutea prestatzen da; legatza, izokina eta ziklopteroa izan ohi dira gaizkataren ordezkoak.

Gaizkataren haragia elikagarria, zuria eta arantzarik gabekoa da.

Fresku, lehor eta keztatua edo kontserban jan ohi da.

Cola de pescado izenez ezaguna den plastikoaren antzeko gai gardena, gaizkataren beste eratorri bat da, igeri maskuriatik atera eta ardo argitzeko erabiltzen dena.

Xiphiidae familia

Txitxi-ezpata edo ezpatarrainak, Xiphias gladius-ek alegia, luzeran 3,5 m. eta 150 kg.ko pisua izan ohi du.

Defentsarako baliokoa duen ezpata ikusgarri bat azaltzen duenez, nahastezina da.

Kostaldetik urrun eta ur azalean bizi ohi da.

Hor amuz harrapa daiteke baina 800 m.tako sakoneraraino joan daiteke jango dituen arrainen bila.

Sargazoen itsasoko edo Mediterraneoko ur epeletan ugaltzen da, arraultzak pelagikoak direlarik.

Eklosionatzean, oso jatunak diren larbak, ur azalean bizi ohi dira.

Hegoalderako joera duen espezie hau Euskal Herrian gutxitan agertzen da baina noizean behin harrapatu izan ohi da.

Zapore gozoa du.

Molidae familia

Ilargiarrain edo ataloek agerian primitiboak diren ezaugarri batzu eta oso berezituak diren beste batzu erakusten dituzte aldi berean.

Gorputz biribildua, oso zapala da sahietsaldeetan eta isats-txortena enulduta dago.

Burua ez da gorputzaren beste ataletatik bereizten.

Hor agertzen dira bi begi, oso txikiak, eta ahoa, barail bakoitzean hortz-lamina bakar batez osatutako moko zorroztuna duena.

Zulo operkularrak ez dira ia nabaritzen.

Haien atzean eta nahiko horizontalki, oso txikiak diren bular-hegatsak agertzen dira.

Ez du sabel-hegatsik eta bizkar eta uzki-hegatsak hestuak eta luzeak dira, bata bestearen parean eta atzekaldean kokatuak.

Gure uretan gehien agertzen den espeziea ilargiarraina edo ataloa da, Mola_mola.

Itsas-barnean bizi den arrain pelagikoa izan arren, igerilari traketsa da eta bere diskoitxurak uretan etzanda gelditzeko joera ematen dio, ekaitzaren bat gertu nabaritzean, hau egiten duelarik.

Bizkar-hegats luzea lateralki higituaz eta uretatik kanpo agertzen dela, ur korronteek leunki narraz eraman dezaten baimentzen du arrain honek.

Erraz harrapatzen da, txitxarro edo berdelen arrantza-sareetan agertu ohi da.

Haundi xamarrak izan ohi dira; 3 m.tako eta tona bateko espezimenak ere izan dira aipatuak.

Larba pelagikoak, aldiz, nimiñoak, 2-3 mm.koak izan ohi dira eta behin-behineko arantza sendoak dituzte.

Haragia, beratza eta urtsua ez da preziatua (arrain-irina prestatzeko erabiltzen da).

Zenbait lekutan gibela eta hesteak ere erabiliak dira.

Ikusgarria, baina urriagoa den beste espezie bat Ranzania laevis da, gorputz luzeagoa eta kolore nabarmena duena.

Balistidae familia

Baleztarrainak familia tropikal bat osatzen dute.

Gorputz obalantzekoa, altua eta albozapala dute.

Ahoa txikia izan arren, moko ahaltsu bat erakusten du, horrekin itsas-triku edo karramarroen oskolarik gogorrenak ere birrindu ditzakeelarik.

Sabel-hegatsak arantza bakoiti batez daude ordezkatuak eta bizkar-hegatsak oso bereziak dira.

Aurrekoa hiru eztenez dago osatua; gogorrena lehenengoa da eta edozein arrisku seinalerik badago, bertikalki jartzen da, zutiketa horretarako bigarrenean tinkatzen delarik; hirugarrenak defentsarako sistema hau desblokea dezake.

Garrantzi haundikoa da baita ere bere larruazalaren lakaztasuna, berari esker, aintzinean, zura, bolia eta baita lenteak ere leuntzeko erabili ohi bait zen.